Mugaz gaindiko artisten egonaldiak Tabakalera eta Nekatoenearen arteko elkarlana
| 2014ko Uztailaren 01a
Tabakalera, Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Hendaiako NEKaTOENEa artisten egoitzak (CPIE littoral basque-ek kudeatutako ekimena) 2014ko udarako mugaz gaindiko artisten egonaldi proiektu pilotu bat abiatu dute, bi erakundeen arteko lehen elkarlan moduan.
Abbadia eremuan bi astetako bi egonaldi izango dira proiektuaren oinarria. Abiapuntua sinplea da: erakunde antolatzaileek artista bana aukeratu dute eta hautatuak izan direnek eurek beste artista bati luzatu diote gonbita, bien arteko elkarlanean gai bat jorratu eta egonaldiaren ostean Tabakaleraren Sukaldean lantegi bat eskaintzeko.
Lehen egonaldia ekainaren 10ean hasi zen. Miriam Isasi izan zen artista gonbidatua eta honek Estibaliz Sadaba hautatu zuen, bien arteko elkarlanean proiektu bat garatzeko. Lehen egonaldi hau ekainaren 29 arte luzatuko da eta ondoren, uztailaren 1tik 4ra lantegi bat eskainiko dute Tabakaleraren Sukaldean.
Bigarren egonaldirako berriz, Marc Fontenelle izan zen gonbidatua eta ekainaren 30etik uztailaren 13ra bitarte Nekatoenean proiektua garatzeko Olivier Marty hautatu zuen honek. Egonaldian landutakoa Sukaldean eskainiko duten lantegian bistaratuko da, uztailaren 17 eta 18an.
Euren lanean jarduteaz gain, artista gonbidatuek arte garaikidearen hedapen programa batean ere parte hartuko dute, egonaldiaren hasieran NEKaTOENEan egingo den aurkezpen publiko baten bitartez.
Laborategia Tabakalerako egonaldientzat
Tabakalerarentzat oso garrantzitsua da erresidentzia proiektu pilotu hau martxan jartzea, eraikinaren behin betiko irekieratik urtebetera gauden honetan; Tabakalera eraberriturik datorren urteko uztailan zabalduko baita.
Artisten egonaldiek proiektuan pisu nabarmena izango dute, sorkuntzan fokua jartzen duen proiektua izanik, artista eta sortzaileentzat baliabide zentro bat izateko helburua duelako Tabakalerak, azpiegitura eta baliabide tekniko eta pertsonalez gain artistentzat "bizilekua" ere eskainiko duena. Honek guztiak, sorkuntza prozesuei hasieratik amaierarainoko laguntza eta bultzada emateak, bereizi egingo du Tabakalera inguruko beste sorkuntza zentroetatik.
Nazioarteko zentroa izango da Tabakalera eta zentzu horretan, leku ezberdinetako sortzaileak hartuko ditu, eta era berean, bertakoei bultzada eta baliabideak eskaintzea izango du xede. Inguruko sareak, baliabideak eta sortzaileak lotzeko lan horretan, garrantzia handia izango dute mugaz bestaldeko eragileekin ezarritako harremanek. Ildo horretan, Nekatoenearekin martxan jarritako elkarlan honek, mugaz gaindiko proiektu bat abiatzeko aukera eskaintzen digu eta bi aldeetako artisten arteko ezagutza trukea eta elkar ezagutza bultzatzen du.






